Napardi, Iruñako Jarautako 2. zenbakian kokatuta dago eta bertan asteazkenean bildu ziren askoren bigarren etxebizitza izateak, gainontzekoek ere oso geurea sentitzera eraman gintuen.

Aurpegia estalita eta elkarri eskua beharrean ukondoa eskainiz, Nafarroan Idiazabal Gaztaren denboraldiari ongietorria eman genion aurreko urteetan bezain gogotsu eta 2019. urteko kanpainakoak bezain datu onak aurkeztuz.

Mahaian eseri behar zutenen arteko distantzia ia mahaiaren bestekoa zela bagenekien, baina horrek ez zuen ekidin Jose Maria Ustarrozek, Idiazabal Jatorrizko Izendapeneko presidenteak, beti erakutsi izan duen adore eta maitasunarekin ekitaldia zuzentzea.

Halaber, Itziar Gomezekin, Landa Garapen eta Ingurumen Kontseilariarekin eta Carmen Albarekin, Iruñako Turismo eta Merkataritza Zinegotziarekin,  Jose Maria Ustarrozek, Iruñako Verduarte Jatetxeko Sukaldari-burua den Nacho Gomarari gaztaren mozketa famatua burutzera animatu zuen.

Ikusgarria” da Jose Marik aukeratu zuen hitza behin gazta dastatu ostean, Nacho Gomarak  haren usain bereizgarri eta pertsonala sumatzean Presidenteak esandakoa berretsiz.

Azkenik, Ilarduiako LA LEZE eta Asteasuko GOINE gaztandegiek Kalitatearen Erregulartasunaren saria jaso zuten. Hunkituta hartu zuten biek diploma; izan ere, sari honek ez du euren produktua bakarrik saritzen, egunero-egunero gure arbasoen tradizioaren sustapenean egindako lan eta dedikazioa goresteaz gain, eurek aukeratutako bizimoduaren laudorioa da.  

Zorionak bioi hain geurea dugun proiektu lokal honetan ezarri duzuen ilusio eta esfortzuengatik. Horrek bilakatzen du hain berezi.