Ordiziako Gabonetako Azoka Bereziaren barnean, Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Izendapenak, ohore handiz, 2025an nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiak omentzeko Esker Oneko Ekitaldia ospatu du gaur, zeinetan saritutako gaztandegien presentzia paregabea egon den.

Ekitaldi hunkigarri hau, Idiazabal Jatorri Izendapenak Ordiziako Udalaren eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiaren elkarlanaz antolatu du. Ospakizuna Izaro Iraeta kazetari eta aurkezleak zuzendu du, Ordiziako alkatea den Adur Ezenarro eta administrazio publikoetako ordezkari ezberdinek lagunduta, besteak beste, Nora Beltran de Otalora Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendaria, Arantza Ariztimuño, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendaria eta Joseba Beitia, INTIAko balio-katearen koordinatzailea Nafar Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen saileko ordezkari gisa.

Ekintza honen bitartez, Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Izendapenak gaztandegi horiei zorionak eta eskerrak eman nahi izan dizkie, Idiazabal JIBko gaztaren izen ona eta ospea zabaltzen laguntzeagatik. Horretaz gain, 2025. urte berri hau, ekoizpen-kanpaina hasi berriarekin, sektorearen lan onak bere emaitza preziatuak ematea ahalbidetzen duen klima-baldintza eta egoera ekonomikoa opa ditu.